Euskadi Ta Askatasuna erakunde armatuaren agiria

      ETA erakunde armatuak igorritako agiriak honela dio hitzez hitz:

      ETA, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri honen bidez azken bost hilabeteotan Euskal Herrian bizi izan den egoerari buruzko hausnarketa eta ondorioz hartu duen erabakiaren berri eman nahi dio euskal gizarteari.

      Duela bost hilabete, su-eten mugagabea eta orokorra iragarriz argitara emandako agirian egoeraren irakurketa zehatza egiteaz gain, etorkizunari begira ibili beharreko bidea eta landu beharreko ildo orokorrak zeintzu zirenaren berri eman genuen.

      Su-etena iragarri aurretik, Euskal Herria egoera berri batetara eraman zezaketen aldaketak neurtu genituen eta borondateak aztertu. Ezker abertzaleko kide eta euskal herritar askoren urtetako borroka eta eskeintza militanteari esker gure herriaren etorkizuna oinarri berri eta sendoen gainean eraikitzeko baldintzak sortuak genituelakoan geunden orduan:

      ­Espainiak eta Frantziak askatasunaren bidean ezarri izan dizkigun oztopo eta amarru administratiboek beren eraginkortasun eza erakusten zuten nabarmen;

      ­ezker abertzalea, gatazka armatua gainditzebidean jarriko duen bakerako proposamena esku batean eta independentzia eta sozialismoa lortzeko erabakitasuna bestean, jasandako eraso anitzei aurre egin ondoren, eraginkortasun berria eskuratzear zegoen; "bidegurutze"tzat hartu den egoera konplexu honetan, ezker aber-tzaleak urtetan sutsuki defendatu duen oinarrizko hautabidea aurkezteko eta garatzeko aukera paregabea du: Euskal Herriari hitza ematean (eta errespetatzean) oinarritzen den hautabidea.

      ­bestalde, azken bi hamarkadetan Euskal Herriaren etsaiekin kolaborazio gero eta estuagoan arituak ziren antolakunde ezberdinek irteerarik gabeko bide hori utzi eta bestelako bideetan barrena abiatzeko asmoak agertuak zituzten. I-txuraz, independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko ezintasuna nabarmendu zenean eta Euskal Herriaren ingurune geopolitiko hurbila den Europak eragin eta eragingo dituen aldaketen kariaz, tradizioz Espainia eta Frantziaren alde jokatu izan duten bertako indar sozioekonomiko eta boteretsu batzuk beren etorkizuna marko horretan zalantzan ikusi zuten. Horrek hausnarketa berri bat sortu ei zuen haien baitan: Autonomismotik landa dagokeen egoera berri bat eskuratu beharra. Halabaina, Espainia eta Frantziako botere faktikoek ez dute Euskal Herriarentzat tarteko alternatiba politikorik. Ez bederen EA eta PNV bezalako alderdien kolaborazio berririk gabe. Atzo-gaurko "autonomismo organikoa" eta biharko autodeterminazio eta lurraldetasunean oinarritutako subiranotasunaren artean ez dago tarte berririk, ez baldin bada beste hogei urtez, esaterako, egiazko konponketa saiestu eta gatazka luzatuko lukeen sasi-eskeintza antzu berri bat asmatzen. Baina esan bezala, horrek EA eta PNVren kolaborazioa ezinbestekoa eskatuko luke.

      Bost hilabetez eraikuntza prestaketa-lanetan

      Gertaerak arrapaladan etorri zaizkigu bost hilabeteotan. Baina zer da aldatu dena? Politikagintzan, indar harremanetan eta etorkizuneko urratsei begira aldaketa sakonak erakar ditzaketen zantzuak eta ekimenak plazaratu direlakoan gaude. Su-etenaren aurretik aipagai genituen etorkizuneko egoera batzu gauzatzera jo dutela ukaezinezkoa da. Euskal Herria prozesu dinamiko berri batean sartua dugu, herri eraikuntzaren prozesuan, eta eraikuntza horren abia azkarragoa ala motelagoa izatea herritar bakoitzak, antolakunde bakoitzak bere aldetik eskeiniko duenaren araberakoa izango delakoan gaude.

      Arriskurik haundiena herritarrak gertakari horien eragile ez izatea litzateke, zer egin jakin gabe edo zer eginik ez dagoela pentsatu eta alderdi politiko edo zuzendaritza egituretatik gauzak "ondo lotuak" daudelakoan esperoan eta besogurutzaturik egotea litzateke. Euskal Herriaren askatasuna baitago erronkaren erdian, eta inoiz baino gehiago herritar guztien ahalegina da beharrezkoa urrats eraginkor eta funtsezko aldaketak gauzatzeko. Grina eta zintzotasuna behar beharrezko ditu Euskal Herriak, epelkeriak alde batera utzi eta erresistentzian bezainbesteko tinkotasun erakutsi behar dugu orain eraikuntzan (lehena deusetarako ahantzi gabe, Euskal Herriaren etsaiek gure herrian egituratzea lortu baitute mendetako zanpaketaren ondorioz. Hainbateraino, ze bizi dugun okupazio militarra bera ere ikusezin bilakarazi baitute euskal herritar askorentzat).

      Euskal Herriaren aldeko indarrak bere kabuz eragitea zer den ikasten ari dira. Euskal gizartean sortutako bultzada eta giro berria askorentzat ipar-izar berri bilakatu da, eta Euskal Herriaren etsaiek gero eta zailtasun haundiagoa dute beren proiektu espainiar-frantses irenslea eta egoera berri honek sortzen dien deserosotasuna ezkutatzeko. Euskal Herriak askatasunera daraman bide zuzenean ematen den urrats bakoitzeko, bere hitza argi adierazten duen bakoi-tzeko, bere duintasuna agertzen duen bakoitzeko amorratzen jartzen dira eta erabilgarri dituzten tresna ia guztiei ­politikoei, ekonomikoei, komunikabidetakoei­ eragiten diete. Ia guztiei diogu, tresna militarra hor mantentzen dutelako, "tankeen" eta garai bateko "sable zaraten" mehatxua gauzatu gabe; baina egon hor daude, eta Euskal Herriaren askatasunerantzako urratsak errotik mozteko prest gainera. Ez dezagun ahantz.

      Hona hemen bost hilabeteotan egindako ibilbidearen zenbait mugarri:

      ­"Lizarra-Garaziko Hitzarmena" izan zen iraileko su-etenarekin batera indar harreman berrien ispilu nagusia. Lizarran eta Garazin sinatu eta garatutako hitzarmen horretara bildutako indarrek Euskal Herriak jasaten duen zanpaketaren konponketarako oinarriak jarri eta adostasunak bildu zituen. Gehiago biltzeko ateak zabalik dudelarik.

      ­Urrian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egin ziren hauteskundeetan, eta horien ondorioz, Euskal Herrian egituratzen ari den indar-harreman berriak bultzada hartu zuen. Gainera, EAJko Ibarretxeren Gobernuak bere kudeakuntza kutsu haundi horrekin erraztu dezake Euskal Herriaren subiranotasuna ekarriko duen marko juridiko-poliko berri batetarako transizioa. Horixe izan beharko luke Gobernua osatu edo babesa ematen dioten alderdi eta antolakundeen zeregin nagusiena, zatiketa estatutariotik, "zaindaripetzako autonomia"tik, herri eraikuntzan oinarritutako politika eskuzabala burutzea, interes partidistak albo batera utziz.

      ­"Bai Euskarari"rekin euskal herritarrek etorkizuneko Euskal Herriaren oinarri nagusienetako izango den euskararen inguruan hitz argia adierazi zuten adostasun sozial eta politiko nagusia bilduz. Euskara orainarteko erresistentzia egoeratik atera eta gizarteko atal guztietan hedapena eta berreskurapena ziurtatzeko egingo diren urratsek gizartearen babes zabala dute. Eztabaida ez baita izan behar orainartean nork zer egin duen, edo nork egin duen gehiago, baizik eta Euskal Herriko hizkun-tza, "lingua navarrorum" hori, gizarte hizkuntza betea izan dadineko zutoin sendoak jartzeko egin behar den lan eskerga eta eskeini behar den konpromezu mugagabea nola bideratu. Euskarak Euskal Herrian bertan etsai argiak dituela ahantzi gabe.

      ­Euskal preso politikoen aldeko ekimen desberdinek, beren aldetik, gauza bi utzi dute garbi. Batetik, euskal gizartearen nahi argia artikulatzeko ahalmena badagoela. Bestetik, nahi hori errespetatua izan dadin inolako bermerik ez dutela ematen menpean gaituzten estatu biek. Trufa eta iraina darabilte herriaren gehiengoaren aurrean. Ezintasuna eta etsipena hedatu asmoz.

      ­Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoa bilduko lituzkeen euskal departamenduaren aldeko borrokak, bere aldetik, ohiko zatiketak eta alderdiz-alderdiko iritzi banaketa gainditu du, euskal gizartearen nahia argia adieraziz honetan ere. Eta presoen gaian bezalatsu errefusa eta urduritasunez erantzun dute agintariek.

      ­Egiten dugun irakurketa honetan denbora arau dugularik, azkenik, hainbat kalapita eta neurriz kanpoko erreakzio eragin duen "Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltzarra" dugu. Gaurdaino egindako bidean mugarri garran-tzitsua izan zen otsailaren 6an Euskal Herriko hiriburuan sortu zen Biltzarra. Mugarri, egun horrezaz gero, eta lehen aldikotz, euskal lurralde guztiak bere baitan biltzen dituen instituzio egitura eskuratu baitute euskal herritarrek. Mugarri ere, euskal gizarte osoan bateragarri diren gaien inguruan azterketak eta erabakiak hartzeko egitura delako eta, batez ere, etorkizunari begira egitura iraunkor gisa ager-tzen delarik, bere lanetako bat Euskal Herriaren etorkizuneko instituzio egituraketa zer nolakoa izango den hausnartzea beren lanen artean duelako.

      Ibilbidea nondik nora daramagun argi erakusten duten mugarriak dira, bai. Eta, hala ere, deus funtsezko ez da aldatu. Hala ere, Espainia eta Frantziarekiko loturak hor daude, beraiekiko kolaborazio guneak zenbaezinak dira, eta kimutzen ari den euskal-egituraketa berri horrek munduko bi Estatu boteretsuenek gurean indarrean eta indarrez mantentzen duten tresneria izugarriari aurre egin behar dio. Eskubide demokratikoen defentsak eta Euskal Herriaren nahiaren adierazpenak ematen duen zilegitasunak erakusten dute gure herria askatzeko borrokak eraman behar duen norabidea. Oraindik asko dago egiteko, asko eteteko Espainia eta Frantziarekiko eta asko lotzeko Euskal Herrian.

      Alderdien politikoen eta Gobernuen iharduera

      Ibilbide honetan, eta alderdi politikoei so eginez, hiru jarrera moeta antzeman dugu. Batetik Euskal Herriaren eraikuntza lanetan gero eta ausartago abiatzen diren alderdiak: EAJ, EA, AB eta HB; bestetik, hastapenean epel edo ausart baina gutxinaka gutxinaka hozten joan diren alderdiak: IU eta CDN (heldu den ekainean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan egiteko diren hauteskundeen aurreko kalkulo politiko erratuengatik, batez ere); azkenik, su-etenaren interpretazio oker eta triunfalista egin ostean beren mozorroa kendu dutenak eta orainarte beren burua gatazka orokorretik at mantentzea lortu izan dutenak: PP, PSOE eta UA eta eskuin frantsesa eta PSF.

      Espainiar eta frantses agintariek jarrera erasokor eta itxia erakutsi dute hilabeteotan. Eta hasierako noraeza gaindituz gero beren estrategia marrazteari ekin diote. I-txikeria dute lehen araua: deus ez mugitzea. Nahiz eta Euskal Herriaren inguruan mendez mende eraiki duten gartzelaren hormak pitzatuak dituzten, inongo aldaketa edo konponketa egiteak egitura guztia bertan behera utziko lukeen beldurrez, nahiago dute ezikusiarena egin eta Estatu-nazio zaharkituen printzipio are zaharkitu eta artifizialagoen defentsa sutsua egin.

      Bigarren araua bizi duen une politikoaren desitxuraketa eta toxikazioarena da. Herri eraikuntza prozesu batean ezik negoziaketa prozesu batetan gaudela sinestarazi nahi dute: bakea helburu. Bakea, baina bake aseptikoa, "status quo" zaharra bere horretan mantenduko lukeen ustezko bakea, "pax romana", "hilerritako bakea". Inondik inora ez justizian eta eskubide demokratikotan oinarritutako bakea. Adituek diote gisa horretako jarrerak direla gerlak piztu edota areago-tzen dituztenak. Baina ez da aditu izan behar hori asmatzeko, egunero egunero ikusten du edonork agintari espainiar eta fran-tsesentzat "bakea"ren sinonimi bakartzat "borroka armatua desagertaraztea eta beste guztia berdin mantentzea" dela. Eta, oraindik orain, jarrera horrek maiz kutsatzen ditu orainartean beren kolaboratzaile izandako alderdiak ere.

      Aurrera begira

      Zein da Euskal Herriaren egoera bada? Duela bost hilabete bezain zanpatua dago Euskal Herria. Aldiz, gatazkaren izaera politikoa onartzen duten eta irtenbide negoziatuaren aldekoak gehiengo dira euskal gizartean; eta aldi berean herri eraikuntza eraginkorrago bihurtzen duten indarrak ere ugaldu egin dira.

      Ondo kontutan hartu behar dugu zein den bizi dugun fase politiko berriaren ezaugarria eta zer lortu nahi eta behar dugun. Hitz gutxitan adieraztea zaila bada ere, horrela laburbil daiteke: Euskal Herriaren biharko zutoinak ezarri behar dira; herri aske batek izan behar dituen baliabide guztientzako aurrerakariak diseinatu eta martxan ezarri behar dira. Euskal Herriaren aldeko indarren ekina herri aske ikuspuntuz burutu behar da. Herri gisa ditugun eskubide guztiak eskatu eta eskuratzeko bidean jarriz.

      Jokabide horrek eskatzen duen lehendabiziko lana Euskal Herri osoko ikuspegia eta prozesua marraztearena da. Herri zatiketa eragiten duten instituzio edota ez-ezagutza instituzionalen interferentzien eragina baztertzea. Euskal Herriaren zutoinak finka-tzeko unea baita. Jartzen ari diren gutxieneko oinarrien gainean ikuspegi horretatik bideratu behar dira ekimen guztiak, plangintzak zehaztu eta gaur dagoena eta ez dagoena Euskal Herri osoari egokituz burutu behar da. Horra hor datozen hilabetetarako lana. Herri gisa oinarri material berriak eskaini eta prozesu dinamiko batean, Euskal Herria ikustaraztea. Bestela esanda, egungo estatuetan arkitektura juridiko edota enkaje legal borobilik ez izan arren, aitorpen konstituzional edo nazioarteko ofizialik ez izanik ere, eskutartean dugun prozesu honetatik Euskal Herria eraikiko den orubea atera behar da. Euskal herritarrei eta piskana-piskana kanpokoei ere, Euskal Herria bere osotasunean begietatik bihotzeraino sartuz.

      "Euskal Herriaren eraikuntza orubea" kontzeptu bezala diogu, zeren eta aitorpen legal-konstituzional horiek gorabehera, dinamika orokorrean eta baita arloz-arlokoan ere, formatu eta forma eman beharra zaio. Egituratze instituzionalean, ama eskolatik unibertsitaterainoko irakaskuntza egitura berriaz, kirol mailan, espazio komunikatibo propioan, Euskal Herriko hauteskunde orokor mailan, ekonomian... Euskal Herria marraztu eta ikusarazi behar da. Gero, alor bakoitzean egon daitezkeen garapenak, egin beharreko zuzenketak, eta lerro txikitako Euskal Herriaren eraikuntzaren zehaztapenak beharko dira. Hor dago gakoa: "Euskal Herria eraikiko den orubea" kontzeptu dinamiko hori eskuratzean. Hartara, datozen hilabeteek abian dagoen eraikunta prozesuan urrats sendoagoak egiteko eta finkatzeko aukera ugari eskeiniko dute.

      Eraikuntza uneak dira, bai, euskal herritarrontzat. Baina defentsa uneak ez dira joan, hortzetaraino armaturik dagoen etsaia baitugu aurrean eta etxean sartuta, euskal herritarron erabakiak eta nahiak errespetatzen ez dituena, errespetatuko ez dituela behin eta berriro dioena, bere tresneria errepresiboa mantendu eta komeni zaion bakoitzean erabiltzen duena. Herritarron defentsarako eskubidearen zilegitasuna sekula galdu behar ez den kontzeptua eta praktika da. Asko kosta baitzaigu burua altxatu eta oinez abiatzea. Eta erru galanta litzateke gaurko egoerara borrokaren eta duintasunaren bidez heldu garela ahanztea.

      Azterketa honen buruan, Estatu espainiar eta frantsesaren jarrera erasokor eta antidemokratikoa alde batera utziz, eta nahiz eta ekimena abiatzeko unean mahai gainean jarritako betebehar batzu hutsean dauden oraino, herri eraikuntzaren prozesuan egin diren urratsak eta sortu den esperantzazko giroa kontutan hartuz eta datozen hilabetetan eraikuntza bidean emanen den aurrekadari begiratuz, 1998ko irailaren 18tik indarrean dagoen behin-behineko su-etena mantentzea erabaki berri du Euskadi Ta Askatasunak. Halaber, su-etenaren izaera orokorra berresten dugu, hornidura beharrei erantzuteko ekimenak burutzeko eta balizko enfrentamendutan defentsarako eskubidea guretzat gordez.

      GORA EUSKADI ASKATUTA!

      GORA EUSKADI SOZIALISTA!

      JO TA KE INDEPENDENTZIA LORTU ARTE!

      Aurkibidea home